Errealeko jokalari gazte batek, aizue, 120.000 euroko kotxea erosi duela. Hala esan didate niri behintzat. Komentatzeagatik, eh?
Horrela bada, azkar dabil mutila, bigarren denboraldia besterik ez lehen mailan, hiru gol eta honezkero bere ametsetako kotxea erosi...
Zenbaki horrekin, kuriositatez besterik ez eh?, kontu batzuk ateratzen ibili naiz, eta hara zer atera zaidan:
- 120.000 eurorekin 120 famili bizi daitezke modu xumean, hilabetez.
- Diru horrekin 10 famili bizi daitezke urte betez, modu xumean.
- Fabrika batetan egunean zortzi ordu egiten dituen langile batek zortzi urte t'erdi beharko lituzke diru hori irabazteko. Makina bat izerdi.
- Kilometroak, edo Ibilaldia, edo Nafarroa Oinez, edo Araba Euskaraz, edo herri Urrats bezalako jaialdiak, di-da batetan sinatuko lukete diru hori lortuko luketela jakiteko. Urte beteko lana eta zientoka bolondresen laguntzaren ordaina. Makina bat izerdi.
Hauek denak hipotesiak besterik ez dira, eh? Kuriositatez egindako kalkuluak besterik ez. Baina zer nahi duzue esatea, barkatuko didazue guzti honi bere alde beltza ikustea, baina kalean kitarra jotzen topatu dudan paraplejiadun eskaleari ere ez zaio
asko inporta izan kontatu diodan hori. Eta bere etxetik bota behar zuten egunean bere buruaz beste egin zuen Amaia Egaña ere hemen egongo litzateke diru hori eduki izan balu. Seguruenik. Komentario beltza bai, baina zoritxarrez benetazkoa.
Modu guztitara, kotxe ederra du morriak. Berak ere makina bat izerdi botatakoa. Bejondeiola.