2014/01/27

MUSIKA, BIZITZAREN ISPILU

 
            Duela gutxi, Xabi Aburruzagaren kontzertu batetan, aspaldiko lagun eta lankide batekin egoteko aukera izan nuen: Cruz Gorostegi.
            Cruz Gorostegi Oreretarra da (oker ez banago…), eta Syntorama eta No-Cd Records-eko sortzaile eta arima. Musikaren industriaren mundu zail honetan dabil, beraz, buru belarri, aspaldi honetan.
            Baina Syntorama eta No-Cd records disketxea sortu aurrekoa da gure arteko harremana, lankideak izan bait ginen Egin Irratian. Ni teknikari eta bera lokutore, bi saio prestatu eta grabatzen genituen astero: Syntorama, gerora bere promotorari izena emango ziona, eta Futurama, musika industrialari eskeinitako saioa. Azkar eta labur esplikatzeko, musika industriala alor esperimentaleko musika da, gehienbat intrumentu elektronikoen bidez egina, zarata, tresna industrialak, eta orokorrean, entzuteko nahiko deserosoa den musika izan likete. Nere definizio honekin ados egon ala ez, honela bizi izan nuen nik eta beraz, horrela irudikatu dizuet. Gerora zenbait adar sortu dira generoaren barruan, hala nola metal industriala, rock industriala, anbient industriala…Lehen sasoiko izen batzuk: Throbbing Gristle, SPK, Boyd Rice, Cabaret Voltaire, Z'EV…Gurean ere baditugu zenbait talde musika honen zaleak: Akauzazte, Lisabö, Titadine, Beruna…
            Futurama izeneko saio honen grabazio batetan gertatu zen gaurkoan kontatuko dudan pasadizoa, eta nere memorian iltzatuta gelditu dena, aurrerantzean musika zail hauek hobeto ulertzeko lagundu didatelako.
            Igandea zen, igande arratsaldea. Eman diot paso Cruz-i, mikrofonotik bere aurkezpena egin eta berak agindutako kantua jarri dut nik. Ez dut gogoan ze taldea zen. Play.
            Zaratak. Fabrika bateko makinak edo, auskalo, horrelako zeozer ematen du, neurtutako erritmo eta errepikapenak nolabaiteko zentzua ematen dioten arren. Eta ekin, eta benga, beste buelta bat, eta beti berdin. Itolarria sentitzen hasita nago ta, seigarren minutuan edo, esan diot Cruz-i, "hi, ze ostia duk jarri didaken musika hau? Hau neronek grabatuko nikek etxean, batidora martxan jarrita aurrean mikrofonoa, ta listo!".
            Mmmm, ez zaio asko gustatu nere komentario hori. Serio jarri da. Berak segidan esandakoaren gutxi gora beherako nere interpretazioa:
            "Begira, Jota: Musika bizitzaren ispilu behar du izan. Horrela bada, musika guztia ezin liteke polita, erosoa, atsegina, alaia izan, bizitza ez baita beti horrelakoa. Askotan, edo askoren bizitza tristea, gogorra, zakarra, iluna, itogarria, nekeza da. Beraz, egoera animiko horiek ere izan behar dute islada musikan, eta musikak sentimentu hauek ere isladatu beharko luke, ezta?"
            Orain, horrelako musika "ez-erosoa" entzuten dudan bakoitzean, Cruz eta bere hitz horiek etortzen zaizkit gogora, ezinbestean, eta Egin Irratiko 2. estudio hartan irudikatzen dut, kristalaren bestaldeko mahai aurrean eserita, begiak itxita eta aurikularretatik jarritako musika hori hausnartzen balego bezala, adierazi nahi dutena igarri nahiean edo.