Duela
gutxi, Xabi Aburruzagaren kontzertu batetan, aspaldiko lagun eta lankide
batekin egoteko aukera izan nuen: Cruz Gorostegi.
Cruz
Gorostegi Oreretarra da (oker ez banago…), eta Syntorama eta No-Cd Records-eko
sortzaile eta arima. Musikaren industriaren mundu zail honetan dabil, beraz,
buru belarri, aspaldi honetan.
Baina
Syntorama eta No-Cd records disketxea sortu aurrekoa da gure arteko harremana,
lankideak izan bait ginen Egin Irratian. Ni teknikari eta bera lokutore, bi
saio prestatu eta grabatzen genituen astero: Syntorama, gerora bere promotorari
izena emango ziona, eta Futurama, musika industrialari eskeinitako saioa. Azkar
eta labur esplikatzeko, musika industriala alor esperimentaleko musika da,
gehienbat intrumentu elektronikoen bidez egina, zarata, tresna industrialak,
eta orokorrean, entzuteko nahiko deserosoa den musika izan likete. Nere
definizio honekin ados egon ala ez, honela bizi izan nuen nik eta beraz,
horrela irudikatu dizuet. Gerora zenbait adar sortu dira generoaren barruan,
hala nola metal industriala, rock industriala, anbient industriala…Lehen
sasoiko izen batzuk: Throbbing Gristle, SPK, Boyd Rice, Cabaret Voltaire,
Z'EV…Gurean ere baditugu zenbait talde musika honen zaleak: Akauzazte, Lisabö,
Titadine, Beruna…
Futurama
izeneko saio honen grabazio batetan gertatu zen gaurkoan kontatuko dudan
pasadizoa, eta nere memorian iltzatuta gelditu dena, aurrerantzean musika zail
hauek hobeto ulertzeko lagundu didatelako.
Igandea
zen, igande arratsaldea. Eman diot paso Cruz-i, mikrofonotik bere aurkezpena
egin eta berak agindutako kantua jarri dut nik. Ez dut gogoan ze taldea zen.
Play.
Zaratak.
Fabrika bateko makinak edo, auskalo, horrelako zeozer ematen du, neurtutako
erritmo eta errepikapenak nolabaiteko zentzua ematen dioten arren. Eta ekin,
eta benga, beste buelta bat, eta beti berdin. Itolarria sentitzen hasita nago
ta, seigarren minutuan edo, esan diot Cruz-i, "hi, ze ostia duk jarri
didaken musika hau? Hau neronek grabatuko nikek etxean, batidora martxan
jarrita aurrean mikrofonoa, ta listo!".
Mmmm,
ez zaio asko gustatu nere komentario hori. Serio jarri da. Berak segidan
esandakoaren gutxi gora beherako nere interpretazioa:
"Begira,
Jota: Musika bizitzaren ispilu behar du izan. Horrela bada, musika guztia ezin
liteke polita, erosoa, atsegina, alaia izan, bizitza ez baita beti horrelakoa.
Askotan, edo askoren bizitza tristea, gogorra, zakarra, iluna, itogarria,
nekeza da. Beraz, egoera animiko horiek ere izan behar dute islada musikan, eta
musikak sentimentu hauek ere isladatu beharko luke, ezta?"
Orain,
horrelako musika "ez-erosoa" entzuten dudan bakoitzean, Cruz eta bere
hitz horiek etortzen zaizkit gogora, ezinbestean, eta Egin Irratiko 2. estudio
hartan irudikatzen dut, kristalaren bestaldeko mahai aurrean eserita, begiak
itxita eta aurikularretatik jarritako musika hori hausnartzen balego bezala,
adierazi nahi dutena igarri nahiean edo.