Penaz eta minez entzuten dut zenbait lagunen hizketaldiak,
euskaldun osoak izanik erderaz mintzo direlarik. Kasik etengabe.
Elebiduntasunaren azken helburua, elebiduntasuna desagertzea delako: denok
erdaldun. Eta kitto.
Aitortu beharra dut, aurrera jarraitu baino lehen, nik ere
jasaten dudala hizkuntza nagusiaren presioa, eta hitzegiterakoan erderara
jotzen dudala askotan, jabetu gabe, pentsatu gabe. Akaso horrela behar du
izan, gure sozio-linguista burutsuak horrela diote behintzat. Nik behintzat, konturatu orduko, ordea, zas! nere kontzientziaren zaztada jaso eta berriro ere euskaldun.
Ez da bakarrik iparraldekoen arazoa, egia esan, bertokoena
ere. Akaso deigarriagoa egiten zaigu mugaz bestaldekoena, beraien erdara ez
dugulako ulertzen, baina berton ere badugu arazo hori. Euskara maitatzen duten
euskal akonplejatuak.
Inoiz, erderaz zergatik mintzatzen diren galdetu eta " eske ohitura, gure
artean gehienetan erderaz egin izan dugu beti…", barkamena eskatzeko
jartzen den aurpegiarekin. Baina euskara maite dugu, eh!
Ez gizona, lasai! Ez didazu niri inolako esplikaziorik eman
behar, akaso zeure buruari…Hitzegin ezazu nahi duzun moduan. Ez dizut nik
esango ze hizkuntza hautatu behar duzun zure egunerokotasunerako. Seguraski
niretzako ere, bizitzan, praktikoagoa izango litzateke erdara hitzegingo banu,
ezer gutxirako balio duen gure hizkuntz zahar hori behingoz lurperatuko bagenu
eta gainera horrela, PPkoek esaten duten moduan, dirua aurreztuko genuke.
Hitzegin ezazu nahi duzun moduan. Baina jakin gu geuk,
euskaldunok garela gure hizkuntza lurperatzen ari garenak, jakin arren erabili
ezean, hizkuntz bat gorpu delako.
Nahikotxo harri bota ditugu anti-euskaldunen teilatura, gure
hizkuntzaren kontra ari direlako, baina gure etxeko alfonbra azpian ez dugu
begiratu. Ez dira ez espainolak ezta frantsesak ere gure hizkuntza hilko
dutenak, gu geu baizik. Euskara maitatuta ere.
Hitzegin ezazu nahi duzun moduan. Baina hori bai, euskaraz
badakizu eta nirekin nahi baduzu hitzegin, izan dadila euskaraz. Ez dut
barkatuko erderaz mintzatzen zaidan euskaldunik. Desagertu zaitezte nire
bistatik.
Nire kasuan, zer esango dizuet bada, hautua egina dut:
Euskaraz biziko naiz. Praktikoena ez dela jakin arren, nire salmentak gutxituko
diren arren, zenbait lekuetan nire hitzak ulertuko ez dituzten arren…euskaraz
bizitzea erabaki dut, maitazteaz gain, hiltzen utzi nahi ez dudan hizkuntza delako.
Inozoa ni.