2014/01/27

MUSIKA, BIZITZAREN ISPILU

 
            Duela gutxi, Xabi Aburruzagaren kontzertu batetan, aspaldiko lagun eta lankide batekin egoteko aukera izan nuen: Cruz Gorostegi.
            Cruz Gorostegi Oreretarra da (oker ez banago…), eta Syntorama eta No-Cd Records-eko sortzaile eta arima. Musikaren industriaren mundu zail honetan dabil, beraz, buru belarri, aspaldi honetan.
            Baina Syntorama eta No-Cd records disketxea sortu aurrekoa da gure arteko harremana, lankideak izan bait ginen Egin Irratian. Ni teknikari eta bera lokutore, bi saio prestatu eta grabatzen genituen astero: Syntorama, gerora bere promotorari izena emango ziona, eta Futurama, musika industrialari eskeinitako saioa. Azkar eta labur esplikatzeko, musika industriala alor esperimentaleko musika da, gehienbat intrumentu elektronikoen bidez egina, zarata, tresna industrialak, eta orokorrean, entzuteko nahiko deserosoa den musika izan likete. Nere definizio honekin ados egon ala ez, honela bizi izan nuen nik eta beraz, horrela irudikatu dizuet. Gerora zenbait adar sortu dira generoaren barruan, hala nola metal industriala, rock industriala, anbient industriala…Lehen sasoiko izen batzuk: Throbbing Gristle, SPK, Boyd Rice, Cabaret Voltaire, Z'EV…Gurean ere baditugu zenbait talde musika honen zaleak: Akauzazte, Lisabö, Titadine, Beruna…
            Futurama izeneko saio honen grabazio batetan gertatu zen gaurkoan kontatuko dudan pasadizoa, eta nere memorian iltzatuta gelditu dena, aurrerantzean musika zail hauek hobeto ulertzeko lagundu didatelako.
            Igandea zen, igande arratsaldea. Eman diot paso Cruz-i, mikrofonotik bere aurkezpena egin eta berak agindutako kantua jarri dut nik. Ez dut gogoan ze taldea zen. Play.
            Zaratak. Fabrika bateko makinak edo, auskalo, horrelako zeozer ematen du, neurtutako erritmo eta errepikapenak nolabaiteko zentzua ematen dioten arren. Eta ekin, eta benga, beste buelta bat, eta beti berdin. Itolarria sentitzen hasita nago ta, seigarren minutuan edo, esan diot Cruz-i, "hi, ze ostia duk jarri didaken musika hau? Hau neronek grabatuko nikek etxean, batidora martxan jarrita aurrean mikrofonoa, ta listo!".
            Mmmm, ez zaio asko gustatu nere komentario hori. Serio jarri da. Berak segidan esandakoaren gutxi gora beherako nere interpretazioa:
            "Begira, Jota: Musika bizitzaren ispilu behar du izan. Horrela bada, musika guztia ezin liteke polita, erosoa, atsegina, alaia izan, bizitza ez baita beti horrelakoa. Askotan, edo askoren bizitza tristea, gogorra, zakarra, iluna, itogarria, nekeza da. Beraz, egoera animiko horiek ere izan behar dute islada musikan, eta musikak sentimentu hauek ere isladatu beharko luke, ezta?"
            Orain, horrelako musika "ez-erosoa" entzuten dudan bakoitzean, Cruz eta bere hitz horiek etortzen zaizkit gogora, ezinbestean, eta Egin Irratiko 2. estudio hartan irudikatzen dut, kristalaren bestaldeko mahai aurrean eserita, begiak itxita eta aurikularretatik jarritako musika hori hausnartzen balego bezala, adierazi nahi dutena igarri nahiean edo.

2013/07/24

Euskal akonplejatuak (I)

 
Penaz eta minez entzuten dut zenbait lagunen hizketaldiak, euskaldun osoak izanik erderaz mintzo direlarik. Kasik etengabe. Elebiduntasunaren azken helburua, elebiduntasuna desagertzea delako: denok erdaldun. Eta kitto.
Aitortu beharra dut, aurrera jarraitu baino lehen, nik ere jasaten dudala hizkuntza nagusiaren presioa, eta hitzegiterakoan erderara jotzen dudala askotan, jabetu gabe, pentsatu gabe. Akaso horrela behar du izan, gure sozio-linguista burutsuak horrela diote behintzat. Nik behintzat, konturatu orduko, ordea, zas! nere kontzientziaren zaztada jaso eta berriro ere euskaldun.
Ez da bakarrik iparraldekoen arazoa, egia esan, bertokoena ere. Akaso deigarriagoa egiten zaigu mugaz bestaldekoena, beraien erdara ez dugulako ulertzen, baina berton ere badugu arazo hori. Euskara maitatzen duten euskal akonplejatuak.
Inoiz, erderaz zergatik  mintzatzen diren galdetu eta " eske ohitura, gure artean gehienetan erderaz egin izan dugu beti…", barkamena eskatzeko jartzen den aurpegiarekin. Baina euskara maite dugu, eh!
Ez gizona, lasai! Ez didazu niri inolako esplikaziorik eman behar, akaso zeure buruari…Hitzegin ezazu nahi duzun moduan. Ez dizut nik esango ze hizkuntza hautatu behar duzun zure egunerokotasunerako. Seguraski niretzako ere, bizitzan, praktikoagoa izango litzateke erdara hitzegingo banu, ezer gutxirako balio duen gure hizkuntz zahar hori behingoz lurperatuko bagenu eta gainera horrela, PPkoek esaten duten moduan, dirua aurreztuko genuke.
Hitzegin ezazu nahi duzun moduan. Baina jakin gu geuk, euskaldunok garela gure hizkuntza lurperatzen ari garenak, jakin arren erabili ezean, hizkuntz bat gorpu delako.
Nahikotxo harri bota ditugu anti-euskaldunen teilatura, gure hizkuntzaren kontra ari direlako, baina gure etxeko alfonbra azpian ez dugu begiratu. Ez dira ez espainolak ezta frantsesak ere gure hizkuntza hilko dutenak, gu geu baizik. Euskara maitatuta ere.
Hitzegin ezazu nahi duzun moduan. Baina hori bai, euskaraz badakizu eta nirekin nahi baduzu hitzegin, izan dadila euskaraz. Ez dut barkatuko erderaz mintzatzen zaidan euskaldunik. Desagertu zaitezte nire bistatik.
Nire kasuan, zer esango dizuet bada, hautua egina dut: Euskaraz biziko naiz. Praktikoena ez dela jakin arren, nire salmentak gutxituko diren arren, zenbait lekuetan nire hitzak ulertuko ez dituzten arren…euskaraz bizitzea erabaki dut, maitazteaz gain, hiltzen utzi nahi ez dudan hizkuntza delako. Inozoa ni.

2013/05/17

Ambigú

Lantokiaren ondoan dut Ambigú izeneko taberna bat. Zoragarria lekua. Beste taberna normal bat dirudi, baina ez, badu zeozer berezia.
Gaur bertan bazkaltzen egon naiz, bazkariak ere ematen dituzte, ondo gainera, gustu handiz. Ni ez naiz hortan aditua, baina plater zeharo exotikoak iruditzen zaizkit. Ez naiz letra zopa honetan murgildu plateren nondik norakoak esplikatzeko, baina esan nahi dut han ez duzuela topatuko entsalada "normalak" edota arraultza patatekin. Dena askoz ere "selektoagoa" da, esate baterako. Ederto.
Baina gaur harritu nauena lekuari darion maitasuna da. Bazkaltzen nuen bitartean 17 muxu eta 12 besarkada ikusi ditut, nere aurrean, bertan dabilen faunaren artekoak denak. Bertako feligresen arteko harremana berezia da benetan: Iepa, muxu, besarkada, muxu, iepa, besarkada,...ta ni bazkaltzen, inbidiaz, ia halako batetan norbait nigana hurbildu eta to, besarkada bat Jota, debaldekoak ditut eta.
Ez dut esan nahi taberna horretara sartu eta norbaiten derrepentean besarkatuko zaituenik, ez da horrela asuntua, elkar ezagutzen zuten besarkatu eta muxukatu direnak, baina ziur bertan ordu asper batzuk pasa dituenak boletoak erosiak dituela maitasun dosi horietako bat eman edo jasotzeko.
Gainera, pixka bat estutu ezkero tabernariak euskaldunak direla konturatuko zarete, nahiz eta beraiek ez egon haiz seguru.
Pena horrelako maitasun adierazpenak gustatzen zaigun guztiok ez kabitzea horren taberna txikian. Baina bejondeiela bertakoei. Maizago joan beharko naiz...

2012/12/21

Futbol jokalari baten kotxea: Makina bat izerdi.

Errealeko jokalari gazte batek, aizue, 120.000 euroko kotxea erosi duela. Hala esan didate niri behintzat. Komentatzeagatik, eh?
Horrela bada, azkar dabil mutila, bigarren denboraldia besterik ez lehen mailan, hiru gol eta honezkero bere ametsetako kotxea erosi...
Zenbaki horrekin, kuriositatez besterik ez eh?, kontu batzuk ateratzen ibili naiz, eta hara zer atera zaidan:
- 120.000 eurorekin 120 famili bizi daitezke modu xumean, hilabetez.
- Diru horrekin 10 famili bizi daitezke urte betez, modu xumean.
- Fabrika batetan egunean zortzi ordu egiten dituen langile batek zortzi urte t'erdi beharko lituzke diru hori irabazteko. Makina bat izerdi.
- Kilometroak, edo Ibilaldia, edo Nafarroa Oinez, edo Araba Euskaraz, edo herri Urrats bezalako jaialdiak, di-da batetan sinatuko lukete diru hori lortuko luketela jakiteko. Urte beteko lana eta zientoka bolondresen laguntzaren ordaina. Makina bat izerdi.

Hauek denak hipotesiak besterik ez dira, eh? Kuriositatez egindako kalkuluak besterik ez. Baina zer nahi duzue esatea, barkatuko didazue guzti honi bere alde beltza ikustea, baina kalean kitarra jotzen topatu dudan paraplejiadun eskaleari ere ez zaio asko inporta izan kontatu diodan hori. Eta bere etxetik bota behar zuten egunean bere buruaz beste egin zuen Amaia Egaña ere hemen egongo litzateke diru hori eduki izan balu. Seguruenik. Komentario beltza bai, baina zoritxarrez benetazkoa.
Modu guztitara, kotxe ederra du morriak. Berak ere makina bat izerdi botatakoa. Bejondeiola.

2012/11/13

HEMEN DAGO BERRIRO PLAYBACK-A!

Oso gaizki ikusitako gauza izan da beti playback-a, eta ez nau batere harritzen. Ikuslea engainatu, kalitatearen mesedetan. Ikuslea mespretxatu, espektakuluaren perfekziorako. Aspalditik genekien, edo entzuna dugu, mundu mailako zenbait “artista” ez dutela zuzenekoetan benetan kantatzen edota instrumentuak jotzen, baizik eta grabazio bat jartzen dutela edo norbait ari dela, izkutuan, beraien lana egiten. Dena perfektuago, hori bai. “Ze ondo kantatzen duen!”, “Soinu bikaina!”. Tururu.

Baino kontuz, pentsatu baduzue bakarrik kanpoko batzuen gauza dela. Euskal Herrian ere baditugu playback-a egiten duten taldeak, zuzenekoetan. Beraien publikoa engainatzen duten taldeak, azken finean. Haserretuko dire nerekin, baina horrela da. Dena, perfekzioaren mesedetarako. Edo beldur eszenikoarengatik? Ez dakit, baina zaila egiten zait ulertzea talde batek horrelako erabakia nola hartu dezakeen.
Bajujoleak ezin badu diskoan grabatutako koroak ondo abestu, ez duelako behar adina ondo kantatzen, ba ikasi dezala, edo aldatu bajujolea, edo ez dezala kororik egin, edo zer dakit nik, baina mesedez, ez gaitzazue gehiago engainatu grabatutako pista bat jartzen bere ordez. Eta diskoan grabatutako ditxosozko arpegio hori zailegia bada zuzenekoetan jotzeko, ba etzazue kantua zuzenekoetan jo, edo beste modu batera egin, akordeekin edo. Baina mesedez, ez gaitzazue gehiago engainatu.
Ikusi izan dut talde batetako piano jolea plantak egiten, kontzertu osoa, baina bere hatzetatik ez da soinurik atera kontzertu osoan. Dena, edo ia dena, grabatuta! Zer pentsatuko luke zuen publikoa, enteratuko balitz? Esatera ausartuko zinatekete? Ziur nago ezetz, beraz, zuen publikoa engainatzen ari zarete.
Uste dut oso jarrera arriskutsua dela, ze behin hasi ezkero, non dago muga?. Zergatik ez bajua oso-osorik grabatuta? Inor ez litzateke enteratuko. Gero kitarrak pre-grabatuta etorriko lirateke, eta gero, zergatik ez, bonbo guztiak, kaja,,,soinu perfektua, txo!! “Suena como en el disco!!”. Horixe baietz.
Nahikoa tranpa egiten ditugu diskoak grabatzerakoan (horri buruzko komentarioak beste batetarako utziko ditut…), orain zuzenekoak ere izorratzen hasteko. Gelditzen zaigun gauza natural bakarrenetarikoa. Zuzenekoak.
Zuen publikoa da, zuek ikustera joaten direnak, eta horrelakoak jakinda kontzertuetara joateko gogoak kenduko diezue. Ez daitezela enteratu…

2012/08/10

AURKEZPENA

Aupa denori! Ziber mundu honetan baldarrak garenok ez dakigu oso ondo zer den tresna hau, baina denborak emango digun eskarmentuaren zain jartzen gara bidean.
Askotan kontatzeko izaten ditudan gauzak kontatuko dizuet blog honetan. Ez dut ohitura handirik ziber munduko sarean ibiltzeko, beraz, barkatuko didazue denbora luzeak ezer kontatu gabe banago. Seguru nago nere blogarik gabe ere bizi ahalko zaretela.
Nere burua aurkeztu behar badut, esango dizuek Bizkaian bizi eta errotuta dagoen gipuzkoar bat naizela, Irungo Mosku auzoan jaio, Goizuetan bizi izandakoa, Alegin hazitakoa, Hernanin lan egindakoa eta Amoroton sustraiak bota dituena naizela. Ofizioz soinu teknikaria, afizioz arotza, eta bihotzez euskaldun eta euskaltzalea.
Nere ofizoak ematen didan artisten munduaren ikuspegi pribilegiatuaz hitz egingo dizuet, batez ere, nere blog honetan. Bertan aurkitu ahal izango duzue mundutxo honi buruzko berriak, kontakatiluak, mixeriak eta bestelakoak. Nere begiek ikusitakoak, nere belarriek entzundakoak...Orikerien bila bazatoztete, berriz, alferrik. ez da nere estiloa, barkatuko didazue.
Muxuak,           Jota